Leonor eta Joan Lurgabea: Sainte Radegonde eliza Chinon-en

"Lehoia neguan pelikularen fotograma bat" : Leonor eta Enrike II.a

 

 

Leonor Akitaniakoa

Leonor Akitaniakoa XII. mendean bizi izandako dama feudala dugu, 1122an  jaiotakoa, gurasoak Akitaniako Guillermo X.a eta Aenor izeneko andre bat zituena. Izena bere amaren izenetik datorkio latinez alia Aenor "otra Aenor" esan nahi du eta kontrakzio baten bitartez Leonor eman du.

 Akitaniako dukesa, beraz, Poiteau eta Gaskuñako Kondaduaren jabe. Gero,  izandako  ezkontzei esker, Frantzia eta Ingalaterrako erregina izan zen.

Historiako pertsonai garrantzitsua dugu Leonor eta informazio ugari eman diguna emakumeen bizimoduari buruz. Kontutan hartu behar dugu halako nobleei esker jakin dezakegula, neurri batean, nolakoa zen emakumeen bizimodua Erdi Aroan, heldu zaigun informazio apurra bera bezalako nobleei buruzkoa delako. Figura hauek argitzeko dugun informazioa urria da eta ez oso fidagarria; baina, hala ere, garai hartako figura femenino batzuk iluntasunetik atera eta argitu egiten ditu.

Galde diezaiokegu geure buruari ea erregina baten bizitzak ezer argitu dezakeen emakume arrunten bizimoduaz. Ematen du baietz, Erdi Aroan gizartearen ideologia finkatzen zuten taldeak noblezia eta kleroa zirelako, hau da, lurrak eta kultura zeuzkatenak. Bi talde hauek ziren emakumea interes objektu bilakatu zutenak,  zuten interes bakarraren menpe, hots,lurra. Bi talde hauek emakumeak interes objektu bilakatzearen ideaia eta egoera  honi zegokion menpetasun egoera  talde guztietara zabaldu zuten.

Herri xehea, beste bi taldeak mantentzen zituena, ohituta zegoen gizon eta emakumeak elkarrekin lan egiten landetan ez ezik tailerretan ere. Beraz, beste ikuspuntu bat eman zezakeen, baina talde hau ez zegoen antolatuta eta bere ahotsa ez zen entzuten. Gainera, igandeetan elizgizonen predikuak entzun eta elizetako ateetako irudiak ikusi eta gero, talde nagusien ikuspuntuak bereganatu zituen; bakarrik matxinada eta herexia momentuetan ausartzen zen beste ikuspuntu bat ematen eta badakigu hauek errepresio bortitzarekin bukatzen zirela.

Bazen ere burgoetan sortzen ari zen beste tade hiritar bat; eta, egia da, burgo hauek antolatzen zituzten hiri gutunetan emakumeen lana kontutan hartzen zela, dena den  burgesiak ez zuen XII. mendean indar handirik, eta berak ere bereganatu zituen noblezia eta kleroaren ideologia. 

Azkenik, euskaldunentzat garrantzi berezia du Leonor Akitaniakoaren iblibideak, dama feudal honek ezarritako aliantzek eragin  handia izango dutelako euskal lurren etorkizunean.

 

 Emakumeak eta gizonak elkarrekin lanean: Ripoll-eko Andre Maria monastegia Xll.mendea

 1.-Irudia: mahatsa biltzen

2.irudia: garia biltzen

 

Tuterako Andre Maria katedrala

1.irudia: azken epaiketako atea

2.-irudia: lizunkeriaren zigorra

3.irudia: homosexualitatearen zigorra

 

Pertsonai historiko honi buruz mintzatzean garaiko iturri historikoei lotuko gatzaizkie. Iturriak honako bi hauek ditugu: irudiak eta testu idatziak.

1.-Irudiak: ( FONTEVRAULT abadia eta hilobiak): garai haietatik heldu zaizkigun irudietan benetako fisonomiarik ez dugu aurkituko. Irudikatzen diren figurek ez dute errealitatearekin antz handirik, sinboloak dira, garaiko giza ereduak jarraituz osatu egiten zirenak.

Argazkian ikusten den bezala FONTEBRAULT-EKO abadian, Plantagenet dinastiaren jarlekuan, gangaren azpian, lau hilobi ikus ditzakegu: Enrike II.a Plantagenet, Leonor Akitaniakoa, Rikardo Lehoibihotza eta Joan Lurgabearen 2. emaztea Isabel Angulemakoa.

Beste hilobi guztiak kare harri txuriz eginak daude Leonorrena, aldiz, polikromatutako egurraz. Harlausa baten gainean etzanda azaltzen zaigu elizkizunetan gorpuak jartzen ziren moduan, "grinon" batek inguratzen dio aurpegia eta eskuetan liburu bat dauka. Ez dakigu eskultoreak benetan ezagutu zuen ala ez, baina badakigu garaiko artistek ez zutela antzarekin kezka handirik hartzen. Artistak hildakoak azken epaiketarako berpiztean izango zuen itxura irudikatu nahi du. Beraz, irudi honek ez ezik aurrerago ikusiko ditugunek ere ez dute baliorik benetako pertsonaiaren fisonomia ezagutzeko.

Dena den, Erromaniko garaiko irudietan eskuak sinbolo garrantzitsuak dira jarrera, pentsamoldeak eta sentimenduak adierazten baitituzte. Kasu honetan liburu bat dauka eskuen artean, eta hau izan daiteke egiazko datu bakarra zeinek adierazi baitezake trobalarien poesia eta hauen mundua gustokoak zituela, eta mundu honetan egindako mezenazgo lanak. Honetaz gain, adierazten du heziketa jaso zuen emakumea zela, hau ohikoa zen nobleziaren baitan, ez herri xehearengan non analfabetismoa nagusitzen zen. Komentutan ere emakumeek latina eta grekoa ikasten zuten.  Baditugu giza gozputzaz eta apokalipziaz liburuak idatzi zituen Hildegard von Bringen bezalako andreak. 

 

 Plantagenet familiaren jarlekua. Azpiko irudian esku batek Jaungoikoa irudikatzen du Jakako katedralean eta azken irudian Leonor Akitaniakoa liburu bat eskuetan duela.

 

 

Garaiko Irudiak :Plantagenet familiaren jarlekua eta Leonorren  hilobia

 

 

 

 

 

 

 

Hildegarda von Bingen

  

2.-Iturri idatziak: ugariak dira, 1180 eta 1200 urteen artean idatzi ziren 9 lan historikoak non kontatzen baitzaigu Leonorri buruz dakigun guztia, nahiz eta batzuetan zurrumurruak baino ez diren. Bederatzi hauetatik bost ingelesak dira bertan idazten zelako garaiko historiografia ona. Kronista guztiak elizgizonak dira eta guztietan aurkezten zaigu Leonor kontrako ikuspegitik, honen arrazoiak honako bost hauek ditugu:

a.-Akitaniatik zetorren, beraz, erregina izan zen bi lurraldeetan atzerritarra eta bere lurraldeari zegozkion estereotipo guztiak jaso zituen.

b.-Bere aitona Gillermo IX.a trobalaria izan zen.

c.-Kronista guztiak elizgizonak dira, horrela izango dugu elizgizonen aburuz, eta garai honetan hauek ziren gizartearen ideologia finkatzen zutenak, zein zen Erdi Aroan emakumeei gizartean ematen zitzaien tokia; era berean ezkontzari buruz zabaltzen ari zen doktrina sortu berriaren isla aurkituko dugu testu hauetan.

d.-eta e.-Errebeldia esaten dioten jarrera ere gaitzetsi zuten garaiko kronikek: Jainkoak emazteei ezarritako hierarkiari erreparatu gabe dibortzioa eskatu eta lortu zuen; eta senarraren tutoretzari kasurik egin gabe beraren kontra altxatu zituen semeak. Gizarte feudalaren oinarrien kontra zihoan jarrera aurkeztu zuen.

Kronista hauek guztiak bere edertasunaz mintzatuko zaizkigu, baita bere eskandaluzko bizitzaz eta izandako amoranteez ere. Badakigu emandako datu guztiak ez direla benetakoak, hori ez zaigu inporta ordea. Literatura honen helburua ez baita egia eta errealitatea islatzea, baizik eta gizartea dena eta izan nahi duena, balore sistema bat finkatzea.

 Iturri idatziak

 

 

    

a.-Akitania

  Esan dugun bezala erregina izan zen bi lurraldeetan, Frantzian eta Ingalaterran, atzerritarra izan zen eta Akitaniari zegozkion aurreiritziek garratzi handia izan zuten kronikak idazterakoan.

Gaur egun Frantzia den horretan ia bi estatu ezberdin zeuden: iparraldean Capetoek boterea zuten Paris-Orleans ardatzan; hegoaldean Akitania zegoen, teorian Frantziako erregearen basailua zena, baina ia modu independientean funtzionatzen zuena.

Bi lurralde hauek bi kultura eta bi hizkuntza ezberdin zeuzkaten, hegoaldeari zegokiona okzitaniera zen, Frantziako hegoaldeko hizkuntza erromanikoa. Okzitanieraren lehen testu solteak X. mendekoak dira eta XII. mendean trobalarien poesiari esker maila jasoko hizkuntza zen.  Gainera, lurralde hauetan zegoen Gaskoniako dukerrian hizkuntza euskara izan zen, eta lurralde hauetan okzitanieraren beste aldaera bat ere bazegoen  Gaskoiera, beraz, euskaraz hitz egiten zuten akitaniar-erromatartuen hizkuntza da eta, horrexegatik, beste okzitaniar dialektoen aldean, euskal substratoen eragina du.

Akitania lurralde oso aberatsa zen. Pirinioetako atarian kokatuta zegoen Santiagorako bideak izugarrizko garrantzia zeukan garaian. Honek bizimodu erlaxatua, "kortesa", zekarkion bertako korteari; eta badu zerikusia gero Leonorri egotzi egingo zitzaizkion jarrerekin.

 

Akitaniako garaiko mapa

 

 

http://www.euratlas.com

 b.-Leonorren arbasoak. 

Leonorren aitona Guillermo IX.a trobalaria ezizenaz ezaguna izan zen,  1071n jaio zen eta 1126an hil. Poitiers-eko kondea eta Akitaniako dukea, bere garaiko agintari garrantzitsuenetariko bat izan zen. Gurutzadetan eta Al-Andalusen ibilitakoa Islamaren kontra, baina  berak aitortzen zuenez gerra, garaiko nobleen zeregin nagusia, ez zuen gogoko. 1125ean eman zion Baionari bere lehen forua, gaskoieraz idatzia. Okzitanieraz kantatzen zuen eta bere poesietatik hamaika jaso dira eta maitasun lirikan berritzailetzat hartu izan da.  Poesia hauetako askok gai erotikoa zuten, eta gizon hau gurutzadetara abiatu zenean, bere "dibisan" emaztea biluzik azaltzen zen irudi bat zeraman.

Guzti hau gutxi balitz, kronistek ziotenaren arabera, Leonorren aitonak "haren moduko bat " mantentzen zuen (Maubergeonne dorrean), moja komentua irudikatzen zuena, eta, azkenean, elizatik kanporatu zuten.

Aitak, Guillermo X.ak, antzeko bizimodua eraman zuen; baina geroago damutu, Santiagorako bidea egin eta kutxatutako ura edatearen ondorioz bertan hil zen 1137an. Leonorrek aitona ezagutu zuen  eta kronistek pentsatzen zuten elizaren moralatik urruti samar eta poesia amorosoa kusatuta zegoen giro erlaxatuan hezitutakoa zela; ondorioz, aitonaren joera berdina izango zuela, hau da, lizunkeriarako, poesiarako eta bizimodu erlajaturako joera.

  

Leonorren arbasoak

Maubergeonne-ko dorrea, Poitiers-en

http://books.google.es/books?id=5qhg9pN5rDAC&lpg=PA150&dq=aenor%20de%20aquitania&lr=&num=50&as_brr=0&pg=PA151#v=onepage&q=aenor%20de%20aquitania&f=false

Zangozako "Santa Maria la Real" elizako  trobalari baten irudia

 

Lizunkeriarako joera hori oso salaketa gogorra zen garai honetan gizarte feudala elizaren teoriaren arabera eta Jainkoak emandako orden perfektuaren arabera antolatzen baitzen. Gizarte hierarkizatu honetan andreen perfekzioaren hierarkian mailarik gorenena birjinek betetzen zuten, Evak egindako bekatua zigortzeko Jainkoak erditzeko madarikazioa eman baitzion. Ezkondutako emakumeei ere kontenzioa eskatzen zitzaien 

 Pentsamolde honen adibide argia dugu Claravaleko Bernardok, Leonor ezagutu zuena, Leonorrez mintzatzean egin zuen deskripzioa: janzkerari dagokionez, kritikatu zituen forratutako setaz egindako soinekoak, mauka luze eta zabalak, kolore bizien eta animali larruen erabilera, belarritakoak, pultserak, orrazkera korapilatsuak.., eta honela esaten du "goizez jarri eta gauez kentzen den edertasunaz lotsatu beharko litzateke! Erregina baten apaingarriak inoiz ez dira izango birjina baten masaiak gorritzen dituen apaltasun eta garbitasun gorritasuna bezain dotoreak. Belialen alaba da!

Sexualki desiragarriak ziren andreak Belzeburen alabatzat hartzen ziren garai honetan eta Aubry des Trois Fontaines izeneko beste moje eta kronista bat urrutiago joango da eta honela deskribatuko du Leonor "Luisek utzi du bere aseezintasuna dela eta, ez zuen erregina baten portaera, emagalduarena baizik."

Bi elizgizon hauen pentsamoldearen azpian Erdi Aroan, batez ere, hasierako mendeetan hain zabalduta zegoen emakume-bekatari bikotearen identifikzioa dago. Emakumea munduan bekatua zabaltzeko deabruaren tresna balitz bezala irudikatzen zuten

   

Adan eta Evaren irudia:  Maderuelos

 

Leonorren deskripzioa

 

 

c.-Elizgizonen ikuspuntua: ezkontzari buruzko doktrina berria eta gizarte feudalaren hierarkia

Leonorren aita Santiagorako bidera abiatu zenean utzi zuen neska  bere anai zaharraren tutoretzapean, hau da, Raimundu Poitiers-ekoaren tutoretzapean, honek Leonor berak baino urte gutxi gehiago zituen eta bien arteko harremana oso estua izan zen.

Aita Santiagora heldu eta, dirudienez, kutsatutako ura edatearen ondorioz bertan hil zen 1137an. Leonor, anai baten faltan, Akitaniko dukerria, Gaskuñakoa eta Poiteau ,Poitiers hiriburua zuena, jaso egin zituen; eta Frantziako Luis Vl.a Kapetoaren basailua zenez , honen ardurpean gelditu zen.

Luis VI.ak berehala ikusi zuen bere lurraldeak handitzeko aukera eta antolatu egin zuen 15 urteko Leonor  eta 16 urteko Luis bere semearen arteko ezkontza.

Gazteak Bordeleko Saint Andre katedralean ezkondu ziren eta Akitaniako dukadoaren jabetza hartu eta gero, Parisera abiatu ziren. Bidean zeudela Luis Vl.aren heriotzaren berri izan zuten eta Parisera sartu zirenean Frantziako errege-erregina ziren.

Bordeleko Saint Andre Katedrala

Geroago gertatu ziren gertaerak ulertzeko jakin behar dugu zein zen elizaren doktrina eta garaiko pentsaera ezkontzari dagokionez. Xll. mendean ezkontza sakramentu bilakatu zen. Xll. mendera arte eskubide germaniarran edo tokian tokiko legeetan oinarritutako erakundea zen, eta bazuen gehiago zibilarena erlijiosoarena baino, non dibortzioa eta emaztea zapuztea onartuta baitzegoen. Sakramentua bilakatzearekin batera elkarketa askaezina deklaratu zen salboespen bakarrarekin, ezkondutakoen arteko odol harremana, intzesto susmoa. Garaiko handiki familien artean ohikoak ziren odol harremanak eta honek izugarrizko boterea ematen zion elizari haien arteko aliantzak kontrolatzeko garaian, egindako arautze honek ondorio handiak ekarri zituen kontatzen ari garen biografian eta emakumeei buruzko ikuspuntuan.

Ikusi dugunez Leonorrena antolatutako ezkontza izan zen, hauek ohikoak ziren garai honetan, herri xehean ere bizirik irauteko eta beraien lur eremuak mantendu eta zabaltzeko egokienak iruditzen zitzaizkien estrategiez baliatzen baitziren. Gauzak honela beharrezkoa zen emakumezkoen sobordinazioa, hauek ezkontzara eramaten zituzten lurrak eta ondasunak oztoporik gabe gobernatzeko. Honen adibidea da ezkontza zeremoniak irudikatzen zuela jauna eta basailuaren artekoa.

Dena den, hasiera batean badirudi Luisek eta Leonorrek elkarrekin hartzen zituztela gobernuari zegozkion erabakiak, baina geroago Chapagneko kontearen kontra izandako gerra batean Luis eta Leonorren armadek erre egin zuten eliza bat non 1000 pertsona baino gehiago babesten baitziren andre, haur eta zahar barne. Honek damu handia ekarri zion oso piadosoa zen Luisi, eta gertaera honen ostean elizgizonen, Klarabeleko Bernardo edo Suger abadaren, eraginpean eroriko da.

Garai honetako Leonorren indarraren argibidea da Klarabaleko Bernardok gerra gelditu nahi izan zuenean  Leonorri eskatu ziola Luisekin hitz egiteko eta Luis eta Chanpagneko kontearen arteko pakea lortzeko.

Ezkontza mota honetan emakumea zen ezkontzara bere ondasunak, dotea, eraman behar zuena; komentuan sartzeko ere dotea beharrezkoa zen. Ondorioz pobreak ziren andreek ezin zuten honelakorik egin eta bestelako egoerak sortzen ziren, hau da, ezkongabeko bikote finkoak. Batzuetan elizgizonak ere halako egoeran bizi zirelarik elizaren nolabaiteko onarpenarekin, elizgizon hauek praktika homosexualetatik urruntzeko eta familia oneko emakumeen ohorea babesteko.

Dena den, badirudi ezkontzak nolabaiteko egoera hobekuntza suposatu ziela emakumeei zapuztea zaildu egin baitzen; eta, teorian behintzat, ezkontzarako bikotearen bi kideen onarpena beharrezkoa zelako.

Gainera, ezkontzak patrimonioa handitzeko egiten direnez kasu gehienetan prolearen auzia inportantea izango da ondasun hauek transmititzeko unean.

Ezkontza sakramentu bilakatzearekin bat hasi zen zabaltzen haurradun amabirjinaren irudia. Irudi hauek apaintzen zituzten elizak eta baita burges eta nobleen etxeak ere. Lehen aipatu dugun perfekzio hierarkia horretan birjinen atzetik andre-amek betetzen zuten hurrengo maila. Andre eta amaren artean ia gaur egun arte heldu den identifikazioa gertatzen da. Garai honetako dokumentuetan  azalduko dira senarrik gabeko emakumeak luberriak sortzen mugetan, marketan, eta hiri gutunetan aipatzen diren biztanle zerrendetan, baina beti aipatuko da ama direla, honek beste kategoria emango balie bezala. Beraz, nahiz eta ezkontzaren erakundea guztiz zabaldu gabe egon ama-emakume bikotearen ideia berehala zabalduko da. Emakumezkoek ama izateko obligazioa dute.

Garai honetakoak badira ere luberrietan, leizezuloetan, landen mugetan edo basoetan azaldutako ama birjinen irudiak. Akitanian zabaldu zen  Rocamadour-eko amabirjinari zioten debozioa eta herri horretan Santiago bezain garrantzitsua zen debozio zentro sortu zen. Ondoren debozio hau Nafarroara hedatu zen eta berkonkistan nafar zaldunek penintsula osora eraman zuten.

 

Rocamadour herria

 

Rocamadour-eko Ama Birjina

Lizarran dagoen irudia: Rocamadour-eko Ama Birjinaren irudia

Gainera, XII. mendean emaztea zapuzteko arrazio nagusienetarikoa antzutasuna, seme-alaben falta zen; nahiz eta esan dugun bezala gero eta gehiago zabaltzen ari zen ezkontza banaezinaren ideia. Seme-alabak izateko behar-beharrezkoa zen Jaungoikoaren laguntza izatea, beraz, lehenengo gauan "talamoa" bedeinkatzea ezin besteko zeregina zen. Dena den seme-alabarik ez izatea gerta zitekeen eta hau Jainkoaren zigortzat hartzen zen. Garaiko medikuek arrazoi fisikoak eman arren, uste duguna baino hobeto ezagutzen zutelako fekundazioaren funtzionamendua, apaizek zioten egindako bekatuen zigorra zela. Ama-andere identifikazio honen arteko beste adibide bat Erdi Aroan dokumentatuta degoen eta arraroa ez zen beste praktika baten debekua da, hau da, abortoarena: garaiko lege feudal askotan heriotz zigorra ezartzen zitzaion abortatzen zuen emakumeari eta zigor larriak laguntzen zioten guztiei.

Leonorri ere seme-alabarik ez izatearen ondorioz hasi zitzaizkion arazoak, hasieran abortu bat izan zuen eta zazpi urte pasa ondoren Maria izeneko neska bat; dinastiak seme bat behar zuen ordea, eta hau ez zen etortzen.

Badirudi Klarabaleko Bernardorekin hitz egin zuela gai honetaz, eta honek adierazi ziola Jaungoikoak lagunduko ziola seme bat izaten, lehen aipatu dugun Chanpagne eta Frantziaren arteko gerra gelditzen laguntzen bazuen, berak sortzen lagundu zuen gerra horregatik Jaungoikoak zigortu baitzuen.

Reims-eko menestralak honela dio Leonor eta Luisen arteko harremanaz idaztean "erreginarekin zer egingo duen jakiteko baroi guztiei aholkua eskatu eta andreak nola jokatu duen azaldu die: baroiek erantzun diote ematen dizugun aholkurik onena alde egiten uzteko, deabru bat delako, eta denbora gehiagotan ondoan mantenduz gero hil zaitzakeelako. Gainera, gauza guztien gainetik, ez dizu semerik eman".

Antzutasunaz mintatzean jakin behar dugu Luis anairik gazteena zela eta moje izateko hezi zutela; baina geroago bere anai zaharrena, Felipe izenekoa, hil eta bera izendatu zuten erregetzaren oinordeko. Garaiko kronikek diotenaren arabera, ezkondu eta gero Klarabaleko Bernardo eta beste elizgizon batzuen eraginpean erori zen eta, honen ondorioz, moje bat bezala janzten zen, barau luzeak egiten zituen, zilizio bat zeraman gerrian lotuta eta orduak ematen zituen otoitzean belauniko. Leonor heldu zen esatera "ni ez naiz moje batekin ezkundu".

Seme baten behar honek bultzatzen zuen gero eta gehigo apaintzera eta desiragarriago egotera eta honek arazoak eta ospe txarra handitu egin zizkion.

 

 

Egoera honetan zela Aita Santuak Bigarren Gurutzadarako deia egin zuen eta Frantzia Alemaniarekin batera bertara abiatu zen.

Luis Gurutzadan parte hartzeko prest azaltzen da baina , beti ere, Leonor berarekin eramateko baimena jasotzen baldin badu. Ekintza honi buruzko interpretazio ugari jaso ditugu, adibidez, Gillaume Neburgh-koak esten du "bere emaztekiko pasio handia sentitzen zuela" eta hau azaltzeko berriz ere honen edertasuna aipatzen du, eta jarraitzen du " iruditu zitzaion ez zuela bere atzean utzi behar eta komeni zela erreginak borrokara lagun ziezaion."  Gaur egingo historiagileen iritziz benetako arrazoia Poiteau , Akitania eta Gaskuñako armaden fideltasuna lortzea izan zen .

Noble askok gauza bera egin zuten, eta armada emakumez bete zen. Gurutzada izugarrizko porrota izan zen, ez zuen bere helburua lortu, hau da, turkoek konkistatutako Edessa berkonkistatzea. Gainera frankoen armadak izugarrizko galera izan zuen "Cadmos mendiko" batailan, garaiko kronisten arabera hau izan zen frakoen gloriaren akabera. Elizak halako porrot handia azaltzeko erredunen bila zebilela, honelako adierazpenak egin zituen: kastitatearen eredutzat hartu behar zen kristautasunaren armada emakumez betetzearen ondorioz Jainkoa haserretu zela, eta denak zigortu zituela.

Gurutzada honetan beste gauza interesgarri bat gertatu zen, armada Cadmos Mendian gertatutako porrotaren ostean Antiokiara heldu zem, eta bertan Leonorrek aurkitu zuen Antiokiako kontea, Raimundo Poitiers-ekoa, osaba eta txikitan tutore izan zuena. Bien arteko harremana oso urrutira heldu zen, garaiko kronisten arabera Raimundok lapurtu nahi zion emaztea Luisi "intrigaren edo biolentziaren bitartez " eta Leonor konforme azaltzen zen. Honekin emango zion hasiera  Leonorrek egin zuen delitorik handienari, hots, Jainkoak ezarritako hieerarkiaren kontra altxatu zen, emaztea zen neurrian senarrari obeditzeko beharra baitzuen. Gillaumek esaten digu "Errege dignitateari eta ezkontza legeari iseka egin zion" Joan Salisbury-koa matxinadaz mintzatzen da bere jabeari, bere senarrari aurre egin zion, matxinatu egin zitzaion, eta dibortzioa eskatu zuen. Ikusi dugun bezala senarra emaztea errepudiatzea arrunta zen antzutasuna edo intzestua zela eta; baina kontrakoa ez zen ohikoa eta , hau ere, errrebeldia ekintzatzat hartu zen. Dibortzioa eskatzeko Elizaren argusio nagusia erabili zuen, odol parenteskoa edo intzestoa. Erreginak adierazi zuen familiakoak zirela, 4º graduan, eta bekatuan murgilduta bizi ezin zirenez, ezin zutela elkarrekin jarraitu.

Luis erlijiosoa zenez dibortzioa onartzeko prest zegoen, baina aholkulariek esan zioten hori Europa osoan jakingo zela eta lotsa handia izango zela Frantziako erresumarako. Suger abadeak ere gauza bera aholkatu zion  eta bidaia bukatu arte itxoiteko esan zion Luisi. Gauzak honela, Luisek behartu zuen Leonor Antiokia utzi eta berarekin Jerusalenera joan zedila. Frankoen armadak Antiokia uztean, turkoak bertan sartu eta Raimundo akabatu zuten.

Europara bueltatu zirenean Aita Santuak, Eugenio III.ak, deitu egin zien helburu bikoitzarekin:

1.-Sortu berria zen ezkontza sakramentuaren gainean bere boterea adierazteko.

2.-Beldur zen dibortzio horrek ekar zitzakeen ondorio politikoekin, banatuz gero Leonorrek bere lurraldeak eramango zituelako, eta sortu berria zen entidade politikoa apurtu.

Aita Santuarekin izandako elkarrizketa Salisburyko Juanek, lekuko zuzenak, kontatzen digu. Badirudi Luis pozik zegoela benetan ez zuelako banatzerik nahi eta Aita Santuak, Eugenio lllak, berriz ere ezkondu zituen, errito guztiak errepikatuz, baita idatzizko eta ahozko  konpromisua ere. Talamoa bedeinkatu eta  agindu zuen ezkontza hori inoiz ez desegiteko eta intzestoaz berriz ez hitz egiteko. Adiskidetze  honen ondoren bigarren alaba jaio zitzaien.

Baina hiru urte geroago berriz ere plazaratu zen dibortsioaren gaia, eta e Dubyk esaten digu, oraingo honetan arrazoi nagusia erreginaren antzutasuna zela. Dubyk esaten du antzutasuna bazegoen ez zela Leonorren partetik bere bigarren ezkontzan 8 seme-alaba izan zituelako, baina garaiko mentalidadean hala zen, eta Aita Santuaren bedeinkapenarekin ere arazoa ez zen konpondu.

Beaugency-n, Orleans-en ondoan, kontzilio bat bildu eta odol harremana horiek hainbat lekukok baieztatu ondoren, banaketa heldu zen. Dibortzioa ere ez zen beharrezkoa izan sakarmentua ez baitzen benetakoa, ez zen existitzen odol harremana zela eta.

Azkenean, semerik izan ez zuenez, eta seme bat izatea beharrezkoa zenez, Leonor abuilatu zuen nahiz eta Akitania galdu .

 

Gurutzadak: Leonor eta Luis gurutzadarako bidean

http://www.edadmedia.cl/docs/renacimiento.pdf

Antiokian izandako harrera

2.gurutzada

 

 

  2.errebeldia saioa:

Leonorrek Paris utzi eta Poitiers-era heltzen saiatu zen. Baina bidean topo egin zuen garaian oso ohikoa zen beste biolentzia mota batekin eta hau bahiketa zen.

Bidean Tibaldo izeneko Blois hiriko kontea saiatu zen bahitzen ezkontzeko eta Akitania eskuratzeko, baina gauez ihes egitea lortu zuen. Ondoren gero bere senarra izango zen Enrique II.aren anaia saiatu zen berriz ere bahitzen.

Azkenean, Leonorrek Enrique ezagutzen zuen eta Gervay Canterburykoa kronistak esaten digunez mezu bat bidali zion ezkontzeko prest  zegoela adierazteko. Garaiko kronikek diotenaren arabera Enrike ll.a "Leonorren odolaren kalitatea  eta, batez ere, zituen lurraldeen kalitatea liluratuta" berehala azaldu zen. Elkarrekin ezkondu ziren Westminster-eko abadian, nahiz eta adin ezberdintasun handia egon eta zortzi seme-alaba izan zituzten.

Hasieran badirudi dena ondo zihoala. Leonor Ingaleterran bizi zen, eta Enrike kontinenteko auziaz arduratzen zenean badirudi Leonorrek Ingaleterrako erreginaren papera betetzen zuela, beraz, gauzak ondo joan ziren 1166 urtera arte. Urte horretan Enrike beste andre batekin maintemindu eta egoera okertu egin zen.

Ekintza honek bigarren errebeldia saioari eman zion hasiera. Leonor Poitiers-era abiatu baitzen eta bertan bere seme-alabaz eta bere korteaz inguratu zen. Bertan zegoela 1173an altxatu zituen semeak aitaren kontra,   senarraren kontra altxatu zituen Akitaniako lurraldeak. Senarrari leiala zitzaion klerigo batek honela idatzi zion "Senarrarengana bueltatzen ez bazara, zuzenbide kanonikoari jaraituz, zure kontra elizaren zentzura aurrerra eramango dugu"  .

Leonorrek matxinada galdu, eta 1175ean senarrak preso hartu zuen, eta horrela izan zuen gaztelu ezberdinetan preso, seme-alabengandik urruti, 1189an erregea hil zen arte. 

Leonorrek 67 urte zituen baino ez zion uko egin Europako politikan eragina izateari, Ingaleterra korritu zuen erregina moduan eta lortu zuen bere semea Enrike Lehoibihotza errege koroa zezaten, nahiz eta senarrak nahiago gazteagoa zen Enrike. Rikardo Berengela Nafarroako erregearen alabarekin ezkondu zen eta, ondoren, 1991ean 3. Gurutzadara abiatu. Rikardok oso denbora gutxi ematen zuen Ingaleterran, hizkuntza ere ez omen zuen eagutzen, hau zela eta, normalean, gobernua bere amaren eskuetan uzten zuen. Bera gehiago arduratzen zen kontinenteko arazoaz, adibidez Gaskuñan izandako matxinadaz

baina gazte hil zenez eta seme-alabarik gabe Joan Lurgabeak, Leonorren bigarren semeak hartu zuen koroa. Honekin Akitania eta euskal liurraldeen parte bat Ingaleterraren menpe gelditu ziren, seneskalen bitartez gobernatuak, 1451n Ehun Urteko gerra bukatu zen arte.

Gainera, Leonorrek bere alaba Gaztelako Alfonso Vlll.arekin ezkondu zuen, Matilde Saxoniako dukearekin eta Joana Siziliakoarekin. Azkenik, Gaztelara bidaiatu eta bere biloba Blanca aukeratu zuen Frantziako erregearekin ezkotzeko.

Alaba Alfonso Vlll.arekin ezkondu zuenean dotetzat Gaskuña eman zion, baina hau ez zen inoiz benetan aurrera eraman. Horregatik Alfonsok bilatu nahi zuen bidea Gaskuñako luraldeetra heltzeko eta euskal lurraldeak konkistatu zituen.

 

 2.errebeldia saioa:

 

 Westminster-eko abadia

Plantagenet familia Chinon-eko Sainte Radegonde elizan

Leonor Akitaniakoa eta Joan Lurgabea erdiko zaldian, aurretik Enrike II.a eta atzean Rikardo Lehoibihotza errebeldia garaian.  Leonor Akitaniakoak eta Enrike II.ak Plantegeneten kapa jantzita dutela.

 

 Aralargo erretabloa: Plantageneten kapa daramaten bi pertsonaiak Enrike II.a eta Rikardo Lehoibihotza izan daitezke

 

Ondorioak

 Aipatutako guzti honek jende ugari liluratu duen  kondaira sortu du.

Lilura honek izugarrizko garrantzia izan zuen erromantizismoaren garain, baina gaur egun arte iraun du, eta honetan Leonor bi forma ezberdinetan aurkeztuko zaigu:

1.-Bere bi senarren biktima gisa , lehenengoa gizon mugatu eta pasiboa eta bigarrena krudela, aldakor eta basatia.

2.-Emakume askea, bere gorputzaren jabe baina beti gizonei burla eginez .

Lan honetan bi ikuspuntu hauek alde batera uzten saiatu naiz eta errealitate historikoari jarraitzen.

Kondaira